Política | Actualidad

Osteoporosia gaztetatik prebeni daiteke

Jarduera fisiko moderatu biziak eta kaltzioan aberatsa den dietak hezurren mineralizazioa hobetzen laguntzen dute

Pexels

Osteoporosia adinari eta emakumeari lotzen zaion gaixotasuna izan arren, gero eta gizon gehiagok jasaten dute. Gaixotasun horri, batik bat, tratamendu farmakologikoarekin egiten zaio aurre, detektatzen den unean. Hala ere, gaztetan prebenitzea kontuan hartu beharreko estrategia da, helduarora heltzean hezurrak ongi mineralizatuta eta kalitate onarekin heltzeko.

EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertaldea

EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertaldea / UPV/EHU

EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertaldea

EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertaldea / UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko Fisiologia eta Erizaintza sailetako ikertalde batek eginiko azterlanak 18 eta 21 urteko 156 ikasleren hezur osasuna aztertu du. Hori da oraindik hezurren heldutasun goreneko puntura iritsi ez diren helduen hezur kalitateari buruz eginiko ikerketako bat –gutxi egin dira–. Orain arte, nagusiki, hezurraren kalitatearentzat erabakigarriak diren faktoreen atzera begirako azterlanak egin dira.

Idoia Zarrazquin UPV/EHUko ikertzaileak zera azaldu du: “orain arte egin diren azterlan gehienak helduaroan eta hezurren gainbeheraren hasieran zentratzen dira, alegia, osteoporosian, batik bat 50 urtetik aurrerako emakumeetan. Gure ustez, garrantzitsua da aurretiko azterlan hauek egitea, jakiteko zerk eragiten duen positiboki hezurren kalitatean; izan ere, hobekuntza marjina zabalagoa da, aurretik hamarkada bat baino gehiago baitago mineralizazioa ahalik eta lasterren areagotzeko”.

Azterlan honetan, jarduera eta baldintza fisikoa, gorputz konposizioa eta gazteen nutrizioa aztertu dira (61 gizon eta 95 emakume), 2016ko irailetik, 2017ko maiatzera arte. Beren ezaugarri antropometrikoak, kontsumo dietetikoa, gaitasun aerobikoa, muskuluen indarra eta egiten duten jarduera fisikoa erregistratu zituzten. Gainera, hezur egoera neurtu zuten, ultrasoinuen bidez; teknika hori ez da inbaditzailea eta erabiltzeko erraza da.

Ikerketan parte hartu duten ikasle gazteek hezur kalitate ona dute. Ikasle horiek, gehienek, kirola egiten dute: indar handiagoz gizonez, eta moderatuago emakumeek. Kaltzioa dela eta, gizonek egunean, batez beste, 1.080 mg kontsumitu zituzten, alegia, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen duenetik (1.000 mg egunean) gora , eta emakumeak ez ziren iritsi (814 mg egunean). D bitamina dela eta, mutil gazteak (3,88 mg egunean) eta neska gazteak (3,10 mg egunean) ez ziren OMEren gomendioetara (5mg egunean) iritsi.

Jarduera fisikoa gehiegi egin gabe

Aztertu diren gazteen hezur kalitatea ona izan arren, hobetu daiteke, adinarekin gertatuko den hezur murrizketa geldotzeko. Hori horrela, Gotzone Hervásek –doktorego tesia UPV/EHUn egiten ari da– zehaztu du hezur eraketan laguntzen duten faktoreak ezagutzeak balio dezakeela gaixotasun horiek prebenitzeko. “Badakigu jarduera fisikoak muskulua hobetu eta hezurra indartzen duela. Horien arteko lotura dago, eta, jarduera bizia bada, biak hobetzen dira, urteetan hobeto iraungo dute eta hobeto egingo diote aurre hezurren gainbeherari”.

Beraz, jarduera moderatua-bizia eta kolpezko kirolak gomendagarriak dira, orekatu egin behar dira, nutrizio egokiarekin, Fátima Ruiz-Litago UPV/EHUko ikertzaileak zehazten duen bezala. “Muskuluen tentsioak eta indarrak hobetu egiten du hezurraren mineralizazioa, baina horrek ez du esan nahi zenbat eta gehiago hobeto, izan ere, frogatu da eliteko kirolariek ere osteoporosia izaten dutela. Hau da, jarduera fisikoak moderatua-bizia izan behar du, gehiegikerietan erori gabe; batik bat, emakumeetan. Ariketa oso bizia denean, nutrizio beharrak ere oso altuak izaten dira eta, emakume kirolarien kasuan, oso zaila da horiei egoki erantzutea, emakumeen beren ezaugarri fisiko eta hormonalengatik. Hori dela eta, pentsatzen duguna baino ohikoagoa da eliteko kirolarien artean osteoporosi kasuak egotea”.

Azken batean, UPV/EHUko ikertzaileek ondorioztatzen dute, kaltzioan eta D bitaminan nutrizio egokia izateaz gainera, jarduera fisikoak laguntzen duela hezur mineralak pilatzen eta, helduarora iristean, hezurren zurruntasunaren indizea altua izaten eta 30-35 urtetik aurrera eta batez ere 50 urtetik aurrera gertatzen den gainbeherari aurre egiten. ”Osteoporosia prebenitzeko etorkizuneko gomendioek ere muskuluen indarra hobetuko dute”, esan du Idoia Zarrazquinek.

 
  • Cadena SER

  •  
Programación
Cadena SER

Hoy por Hoy

Àngels Barceló

Comparte

Compartir desde el minuto: 00:00